martes, 29 de noviembre de 2011

EUSKARA TXIKIEKIN BATERA HAZTEN DA

Denok izan gara ume. Denok izan dugu haurtzaro garaia. Denok izan dugu txikitan  pailazo desberdinen inguruan arratsaldea, edo kasu batzuetan egun osoa igarotzeko aukera.

                Pailazoak, aurpegia margoturik duten pertsonaiak dira, sudur gorri eta zapata handidunak, zelebreak, etxeko txikiengan irriak sortarazten dituztenak.  Mundu osoan zehar pailazo desberdin asko daude. Baina ez gara zertan mundura zabaldu behar, Euskal Herrian bertan ere pailazo asko daude. Horietako batzuk honako hauek dira: Txirri, Mirri eta Txiribiton; Hipo eta Tomax; Kiki, Koko eta Moko; Monda eta Lironda pailazoak; Pirritx eta Porrotx …

                Egun, guzti hauetatik ezagunenak, edo behintzat momentu honetan gehien ikusten, entzuten edo irakurtzen diren pailazoen istorioak Pirritx eta Porrotx-enak dira, nork ez du ezagutzen “maite zaitut” abestia? Nork ez du ezagutzen “katxiporreta” hitz famatua?, bai, beraiek dira, Pirritx eta Porrotx dira, irrien lagunak dira, Baina nola hasi ziren hauek?



                1.987 urteko Olentzero egunean izan zuten beraien lehenengo ekitaldia. Lasartearrak dira eta guztiak irakasleak. Euskararen inguruko mugimenduetan aritzen ziren eta Olentzeroa antolatzen zuten Lasarte-Orian euskara bultzatzeko. Urte batean pailazoz mozorrotzea eta gitarra batekin abestiak abestera irtetea erabaki zuten. Beranduagoa euskararen maratoia egin zen eta bertan bigarren ekitaldia egin zuten. Honela beste hainbat lekutatik deituak izan ziren eta ezagunak egin ziren.

                Pailazo hauen helburu eta asmoa euskara bultzatzea zen eta da. Euskara gure hizkuntza baita, Euskal Herrian bizi garenon hizkuntza. Horretarako abesti sinple eta erakargarriak egiten dituzte, baita antzezlanak ere. Hauek erabiltzen dituzten teknikak, irakasleontzako baliagarriak izan daitezke, haurrak motibatzeko daukaten modua egokia dela ukaezina baita, hauek izaten duten arreta ikusirik. Jolasen bitartez, abestien bitartez … baloreak, edukiak etab. transmititzeko era paregabea da.

                Ezin ezezta daiteke pailazo haiek ikaragarrizko lana egiten dutela, eta aldizkari batek dioen bezala “Helduen gorputzean haur bihotza edukitzen jarraitzen duten pailazoak” direla.

Euskal Etxeak

Euskal etxeak edo eusko etxeak, euskal diasporako, euskal herritarrak biltzeko zentroak dira, kultur helburuak dituztenak batez ere: euskara eta dantza ikastaroetatik mus txapelketetaraino, besteak beste.
                Euskal etxeak mundu osoan zehar daude, 150 inguru izango dira. Gehienak Argentinan daudelarik, 62 hain zuzen ere, bertako biztanleriaren %10a gutxi gorabehera euskal jatorrikoa delako. Buenos Aires aldean hedatzen dira gehien bat. 
                Amerikako Estatu Batuak dira euskal etxe gehien dauden herrialdeen zerrendan bigarren tokian dudenak 30 zentrotik gora daudelarik. Euskal etxe guzti hauek NABO (The North American Basque Organizations) erakundeak koordinatzen ditu 1973etik aurrera. Estatu Batuetan 2000. urtean euskal jatorria zuten 57.793 pertsona zeuden erroldatuta. Kalifornian 20.868, Idahon 6.637, Nevadan 6.096, Washingtonen 2.665 eta Oregonen 2.627, hala ere ziurrena da kantitate hauek handiagoak izatea.
            Estatu Espainiarrean esan beharra dago 10 euskal etxe daudela soilik, baina hala eta guztiz ere estatu Frantziarrean baino gehiago daude, azken honetan bi baino ez baitaude.
Euskal etxeez gain, beste hainbat erakunde eta elkarte daude munduan zehar euskal diasporan sar daitezkeenak, horien artean garrantzitsuenetariko bat Center for Basque Studies Renoko ikerketa gunea da.

hona hemen euskal etxeen zerrenda eta beraien helbideak:


euskaraz bizi proiektua


Aurreko sarreran EUSKARAZ BIZI PROIEKTUAZ hitz egin dugu, baina zertan datza proiektu hau? Zein helburu ditu?

Jose Luis Goroztidik jarri zuen martxan, euskararen erabilpena bultzatzea oinarri duela, hau da, eguneroko bizitzan, eskola eremuan zein era informalean  ere euskara erabiltzeko aukera izateko.

Proiektu honek, hainbat baliabide eta estrategia ezberdinak eskaintzen ditu hizkuntzaren erabilpena errazteko eta euskara modu dinamiko batean erabiltzeko, horrela ikasleek, euskara erabiltzen eta  gozatzen ikasten dutelarik.

Proiektu honek hainbat ekintza proposatzen ditu, Argitxorekiko identifikazioa, euskal kulturarekin lotura dituztenak (Olentzaro, Agate Deuna, euskal inauteriak), herri euskaldunetan egiten diren egonaldiak, Euskal Astea, gabonetako show-a, inauterietako jaialdia, ikasturte bukaerako jaia, Euskararen Nazioarteko Egunerako ekintza bereziak, euskara sustatzen dituzten ekitaldietan parte hartu eta unitate didaktikoak landu, etab.

domingo, 27 de noviembre de 2011

argitxo


             Ikastolen federazioko Euskaraz Bizi proiektuko protagonista dugu ARGITXO. Euskaraz mintzo eta abesten duen iratxoa da eta  horrekin batera umeak euskara erabiltzera bultzatzen ahalegintzen den pertsonai berezia dugu.

                Argitxok, abestiak berak dioen bezala, eskuan kriseilu bat dauka eta buruan txano bat, txano gorri bat. Praka berdeekin ibiltzen da  eta nola ez, aurpegian irri batekin.

                Iratxo hau haurren laguna da, eta azken hauei euskaraz mintzatzen entzun nahi die. Horregatik, goizetan ikastoletan egoten da eta baliteke batzuetan ikasleek ikusi ahal izatea, bizitan joaten baita noizean behin honako gutuna idatziz:

kaixo argitxozaleok:


Gure herriaren historian zehar jakitun asko, anitz saiatu da Euskara baserrietako sukaldeetatik ateratzen eta eguneroko bizitzaren esparru ezberdinetan indartzen. Euskara jalgi hadi kanpora zioen Bernat Etxeparek eta horixe da, hain zuzen ere, egitasmo berri honen helburuetako bat: Euskararen presentzia indartu esparru berri honetan, interneten.
Zoritxarrez, gure hizkuntzaren egoera ez da guk nahiko genuke bezain osasuntsua, munduko hizkuntza zaharrenetarikoaren alde eginiko ahalegin guztiak hutsaren parean utzi nahi baitituzte.
Guk, Jakintza Ikastolako partaide garen guztiok har dezagun konpromisoa, Aitorren hizkuntza zaharra, beste hizkuntza guztiak errespetatuz, ezagutzera emango dugula esanez eta eginez, antzinakoak harro senti daitezen. Eurengandik jasotako altxorra ez dezagun gal.
Zeregin horretan ni, Argitxo, beti alboan izango nauzue. Euskararen alde egindako ahalegin txikienarekin ere pozaren pozez aurkituko nauzue. Ea guztion artean Euskararen zuhaitz bakartia baso eder bat bihurtzen dugun.
Bukatzeko, abesti polit bat jarriko dizuet Euskararekin eta Euskaraz goza dezazuen.
Haurrak ikas zazue,
Eskuaraz mintzatzen,
ongi pilotan eta,
oneski dantzatzen.
(bis)
Aide ttun ttiki ttun
aide ttun aide….
Gure kantu zaharrak,
kontserba ditzagun,
aide politagorik,
ez da sortu nehun,
(bis)
Aide ttun ttiki ttun
aide ttun aide…..



sábado, 26 de noviembre de 2011

ikastolen jaiak!


                Euskal Herrian euskararen aldeko jaiak antolatzen dira. Jai horiek izen desberdinekin ezagutzen dira Euskal Herriko probintzia bakoitzean.

 
      Bizkaiko ikastolen jaia Ibilaldia da. Lehenengo ibilaldia Getxon egin zuten Uribe Kostako ikastolek  1978. urtean eta bi urte geroztik urtero egiten da. Aurtengoa  Ondarroan egin da, Zubi Zahar ikastolaren antolakuntzarekin. Datorren urtean berriz, Trapagaranen egingo da eta Itxaropena ikastolak zuzenduko du.

Gipuzkoako ikastolen jaia Kilometroak da. Jaialdi honi hasiera 1977. urtean eman zitzaion Beasain-Lazkaon eta ordutik hona urtero ospatzen den jaia da. Milaka euskaltzale biltzen dira urriko lehen igandean antolaketak prestatzen duen ibilbidea egin eta Gipuzkoako ikastolei laguntza emateko asmoarekin. Aurton interesatu guztiak Azpeitian bildu dira, klik leloperekin.

Arabako ikastolen jaia Araba Euskaraz da. Ikastolen Elkarteak urtero ekainaren erdialdean ospatzen du, urte bakoitzean ikastola batek antolatuz. Lehenengo jaialdia 1981. urtean izan zen Gasteizen. Jaiaren helburua Araba osoan euskararen erabilpena bultzatzea eta ikastolen azpiegiturak hobetzen laguntzeko dirua batzea da. Azken jaialdia berriz, aurten izan da Laudion hain zuzen ere, Izan zirelako gara, garelako izango dira lelopean



Nafarroako ikastolen jaia Nafarroa Oinez da. Urtero ospatzen den jaialdia da. Honen helburua euskararen alde egitea eta Nafarroan ikastola berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko dirua batzea da.  Jaialdi hau 1981eko ekainean ospatu zen lehenengo aldiz Alsasuan. Aurten Tafallan egin da Hamaika 11n lelopean.


Iparraldeko ikastolen jaia Herri Urrats da. Seaskak, Iparraldeko ikastolen federazioak antolatzen duen festa da eta maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dena. Beti egiten da toki berean, Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin, eta bertan biltzen den dirua Iparraldeko ikastolak laguntzeko bideratzen dute. Lehenengo jaialdia 1984an izan zen eta 2008an hogeita bosgarren urteurrena ospatu zuten.


jueves, 24 de noviembre de 2011

Gutunak idatzi beste eskoletako ikasleei


                Eskola garaian hainbat ekintza desberdin egiten dira euskara bultzatzen dituztenak. Horietariko bat, edo behintzat nik gogoratzen dudan bat gutunen trukea da.
               
Gogoan dut nik eskolan gure herritik hurbil zeuden ikastetxeetako ikasleekin gutunak idazten genituela. Bi zentroetako ikasleen zerrenda kontuan izanik, ikasle bakoitzak idazlagun bat izaten zuen. Gela bateko lehenak beste ikastetxeko zerrendako lehenari idazten zion gutuna, eta horrela zerrenda bukatu arte.

Gutun hauek normalean oporraldietatik itzultzean idazten genituen, eta modu horretan gure jaiegunen berri ematen genion elkarri. Oporretan nora joan garen, zer egin dugun, norekin ibili garen leku batetik bestera … Gogoan dut hainbat gauza aipatzen genizkiola batak besteari. Non bizi ginen, egunean zehar egiten genituen ekintza desberdinak … eta nola ez gure gauza gogokoenez mintzatzen ginen. Sekreturen bat ere aitortzen genion elkarri, baina horiek ezin dira esan, sekretuak baitira.

Ekintza honekin, euskara lantzeaz gain, hau da, hiztegia, ortografia eta gramatika lantzeaz gain, besteekin interakzioan aritzeko aukera izaten genuen, eta nola ez euskara erabiltzera bultzatzen gintuen. Guzti hau modu entretenigarri batean egiten genuen eta oraindik internetik ez zegoenez gutun horiek hurbiltasun handiagoa erakusten zuten. 

lunes, 21 de noviembre de 2011

EGA

EGA euskarazko gaitasun agiria ziurtagiri bat da, euskaraz aritzeko  (ahoz eta idatziz) trebetasuna  eta euskara batuak dituen ortografia eta arauak menperatzen dituen ziurtagiria hain zuzen.
Berau lortzeko hainbat azterketa ezberdin gainditu beharra dago, atariko froga, idatzizko froga eta ahozko froga. Ataletariko froga bat egiteko aurreko atala gainditu beharra dago, horrela izan ezean, berriz hasieratik hasi behar da, ez delako gainditutako parterik gordetzen.
Atariko froga test bat da, 85 galdera sorta dituenak. Bertan  gramatika, lexikoa, irakurketaren ulermena, morfosintaxia, datak, orduak, eragiketak, … biltzen dituena. 60 erantzun zuzen izan behar dira atala gainditzeko, baina %50k gainditu behar dutenez erantzun zuzen horien kopurua jaitsi edo igo daiteke.
          Idatzizko froga berriz, bi atal ezberdinetan zatitzen da, ulermena eta idatzizkoan.  Ulermenean Elkarrizketa testua, Lexikoa, Irakurmena (bi testu labur eta bat luzea) dira proposaturiko ariketak eta idazmenean ordea, Idazlan luzea eta laburra (bi gai aukeratzeko izanik) eta  Esaldiak berridatzi.
          Azken frogan ere, ahozkoan, bi zati ezberdin daude ulermenezko zatia eta
elkarrizketa. Lehenengoan, gai bat irakurri eta bera azaldu beharra dago, horretarako, berau prestatzeko, 20 minutu izanik. Elkarrizketa ordea, beste azterketari batekin dialogoa izatea da, bakoitzak, tokatzen zaion gaia defendatu behar duelarik.
Gaur egun, denon ahotan dagoen gai bat da, lege berriaren arabera, agiri hau lortzeko ez baitago zertan azterketa egin behar derrigorrez, aukera ematen baitute unibertsitateko karrera  bat euskaraz eginez gero azterketa ekidin eta titulua lortzeko. Baina guztiz zuzena al da aukera hau? Benetan ziurtaturik al dago, unibertsitateko karrera bat euskaraz eginez gero, trebatuta zaudela agiri hau izateko? Karrera amaitu ostean benetan menperatzen al dugu hizkuntza?

Eman zuen iritzia!!!


euskara nazioarteko eguna

Gure Egutegian abenduak 3 egun oso garrantzitsua da, markatu beharreko eguna, EUSKARAREN EGUNA BAITA, Xabier Frantzisko deunaren egunez ospatzen dena. Ospakizun hau eusko ikaskuntzak sortu zuen  eta 1949an gauzatu zen lehenengo aldiz.


Jaialdia honetan, Urtero- urtero herri desberdinen baten euskarari erreferentzia egiten dioten ekintzak egiten dira, euskara bultzatzeko asmoa izanik; era ezberdinetako ekintzak antolatzen dira:
bai kontzertuak, bertsolariak, ekitaldiak, antzerkiak, jolasak, … adin guztietako pertsonek parte hartzeko aukera izanik.


Nahiz eta jaialdi erraldoia herri zehatzetan izan, eskoletan ere badago aukera egun garrantzitsu hau ospatzeko. Nire eskolan kasurako, bete betean ospatzen genuen egun hau, eguneroko liburuak alde batera utziz eta ekintza ezberdinak eginez. Besteak beste: eskola osoa dekoratzea, bai marrazki zein lema ezberdinak jarriz, txokolatada, euskal abestiak, ipuin zein olerki lehiaketak, euskal jokoak (lokotxak, sokatira, zaku lehiaketa, …), etab egiten genituen. Horrez gain, eskolak berak ere hainbat ekintza ezberdin programatzen zituen, euskaraz eginiko zineak proiektatuz, bertsolari ospetsuak ekarriz, kale- animazioa, ….
Aurten ere, badoa urreratzen egun garrantzitsu hau, beraz animatu eta parte har ezazu. EUSKARA SASIEN GAINETIK ATERA BEHAR DUGULAKO!
Aurtengo programazioaren berri izan dezazuen, hona hemen Gazteizen egingo den jaialdia


domingo, 20 de noviembre de 2011

barnetegiak

------------------------------

Asteburuko barnetegiak, 60 ordu euskaraz

AEK euskaltegiek beren asteburuko barnetegietako ateak zabaltzen dizkiote, euskara ikasten ari den herritar guztiei. Hizkuntza bihotzetik ahora salto egiteko aukera eskaintzen dute.

Hasi bihotzetik eta mingainera, hasi mingainetik eta mundura, martxan jarri da lege berri bat: euskaraz Euskal Herrian. Hauek izan daitezke AEK euskaltegiek eskaintzen dituzten asteburuko barnetegien filosofia biltzen dituzten hitzak. Izan ere, asteburu honetan martxan jarriko diren barnetegiek xede bat dute: euskaraz bizi-tzeko aukera eskaintzea.
Urtetik urtera, udaberriko lehen loreak jaiotzen hasten direnean, ikasturteko lehen barnetegiak sor-tzen hasten dira. Baina aurtengo udaberria euskal lorez jantzirik dator. AEK euskaltegiek Euskal Herri osoari zabaldu dizkiote asteburuan antolatzen dituzten barnetegietako ateak, hizkuntza ikasten ari diren herritarrek buruan preso dituzten hitzei mingainaren lagun-tzaz askatasuna eman diezaieten. Eguneko 24 orduak ingurune euskaldun baten bihotzean bizi ditzaten.
--------------------------------------------------------


artikulu hau irakurri eta gero beharrezkoa iruditzen zait barnetegiei buruzko informazioa elaraztea:

               Euskara 24 orduz egin ahal izateko,  barnetegiak dira  aukera paregabea, hauek ikasleei eskolak ez ezik egoitza eta mantenua ere eskaintzen dien ikastetxeak dira, hau da, horrelako eskaintzak dituzten euskaltegiak dira.
                Ikastetxe batzuk urte osoan barnetegi gisa funtzionatzen dute, beste batzuk berriz, udan edo bestelako urte-sasoiren batean bakarrik.
                Barnetegiek ikasleari beste ikasleekin bizitzea ahalbidetzen die, beraien antzeko euskara maila dutenekin euskara praktikatzeko aukera. Barnetegietan ekintza desberdinak egiten dira hizkuntza lantzeko, eta sarritan euskara dakien herriko jendearekin euskaraz aritzeko ekintzak eta programak antolatzen dira, ez baitira arlo teorikoan bakarrik finkatzen, praktikotasuna bilatzen baitute, baina dena euskara erreferentzi duelarik, euskara ikasteko eta hobetzeko asmoz.
                Gaur . Egun hainbat barnetegi aurki genitzake, urte osoan zehar irekita daudenak, hala nola, Zornotzan, Lazkaon, Lesakan, Ondarroan eta Errigoitin daude besteak beste.


euskaltegiak

Euskara lantzeko beste metodo bat euskaltegiak dira, hauek euskara irakasteko ikastetxe edo akademiak dira. 
1976 eta 1977 ikasturtean euskara-ikasleen kopuruak nabari egin zuen gora. Hori dela eta, euskalduntze-alfabetatze mugimenduak euskara irakasteko eskola bereziak sortu behar izan  zituen.
1989an euskaltegiak legeztatuak izan ziren Euskal Automonia Erkidegoan (EAE) HABESEA (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundea Sortarazteko eta Euskaltegiak Araupetzeko) legea zela eta.  Euskaltegiak publikoak zein pribatuak izan daitezke.  HABEk eredu izan nahi zuten euskaltegi publiko batzuk eraiki zituen, eta udal-euskaltegi publikoak ere sortu ziren herri batzuetan. Euskaltegi pribatuen artean legeak bi mota bereizten ditu, homologatuak eta libreak, baldintza instituzional eta akademikoen  eta jasotako diru-laguntza publikoaren arabera bereizten direnak.

                Nafarroan EAEn dagoen antzeko sistema dago legeztaturik, baina Ipar Euskal Herrian ez dago euskaltegi publikorik, hortaz helduentzako euskara-irakaskuntza ia osoa AEKren eskutik doa.

1993an HABEk EAEn euskaltegi libreei diru-laguntza kendu eta urte beteren buruan HABEk berak eraikitako euskaltegiak itxi egin zituen.  AEKrekin hitzarmena egin zuen, horren euskaltegi libreen homologazioa bideratzeko eta euskara ikasteko eskabidearen arabera beharrezkoak ziren euskaltegien mapa definitzeko.

miércoles, 16 de noviembre de 2011

HARRO

Atzo bazkari familiarra izan nuen, 20 pertsona inguru egon ginen mahaiaren inguruan bildurik, adin tarte desberdinekoak haur, gazte zein nagusi, eta herrialde ezberdinetakoak, Busturia, Mungia, Bermeo, Laukiz edota Bilbo aldekoak.
Etxean denok dugu euskara ama hizkuntza, baina bazkaltzen geundela izekok hitz bat esan zuen eta mahaian geunden askok ez genuen hitz horren esanahia ezagutzen, eskatza. Zelan izan liteke posible? Zelan nahiz eta famili berekoak izan eta ama hizkuntza bera izan ez ulertu batek esandakoa?
Argi dago herri bakoitzak bere kultura duela, bere identitatea, bere historia, besteengandik ezberdintzen duen zerbait duela. Horren adibideetariko bat euskara izan daiteke, hitz bat hainbat modu ezberdinetan esan daitekeelako, eskatza, sukaldea, sutea, sutia,....
Nahiz eta Euskara hain zabala izan, hau da, mintzatzeko edo idazteko hainbat era izan, euskara bakarra dugu, gure euskara, euskaldun egiten gaituena, elkar ulertzeko balio digun hizkuntza dugu, Gontzal  Mendibilek, bere abestian dioen moduan “Guziok gara eskualdun, guziok anaiak gara, nahiz eta hitz ezberdinez, bat bera dugu hizkera” beraz gu geu HARRO egon gaitezkeen hizkuntza bat da
          Hori honela izanik, harrotasun osoz esan dezakegu hizkuntza aitzindari eta aberats baten jabe gara. 

domingo, 13 de noviembre de 2011

bertsolaritza

Beti euskaldun sentitzen gara
bai egunez ta bai gabaz
ta zeintzuk geran geuk azaltzeko
gu ez ote gera kapaz?
 
Sarri askotan nago amorruz
sarri askotan algaraz
baina egungo lema bakarra:
Euskal Herrian euskaraz
nahiz batzuk egin erdaraz.



Eta sarritan ni triste antza
nago begira jarririk
ez dagoelako nire bihotza
poztuko duen berririk.
Beti euskeraz behar genuke
ez dago beste neurririk.
Nik ez nuke nahi bere hizkuntzan
mintzatzen ez den herririk. (bis)

Euskal Herrian sortu ginen gu
bertan hazi eta hezi
eta inolaz ez det joan nahi
neure herritik ihesi.
Denek ez dute hemen egiten
denek ez dute ikasi
eta egiten ez dunak ez du
euskaldun izenik mezi. (bis)



Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz egiten den berbaldi bat da. Ahozko euskal literaturaren adarretako bat da. 

Bertsolaritza, hezkuntzan landu daiteken gai bat izan daiteke, haurrei asko gustatzen zaiena eta euskararekin lotura oso zuzena duena, hizkuntzaren izaera indartzen baitu.


                Nik ikasi dudan eskolan esaterako, bertsolaritza ikasturte oso batean zehar landu genuen, era praktiko batean. Ekitaldiak egiten genituen, gure zonaldetik hurbil zeuden ikastetxeetako ikasleak, gure kurtso bereko ikasleak, etortzen ziren gure zentrora ikasturtean zehar ikasi genuena ikustera, eta ondoren gu joaten ginen beraiek egiten zituzten ekitaldiak ikustera. Euskara praktikatzeko beste era ezberdin bat da, haurrei asko gustatzen zaiena. Honelako ekitaldiekin, beste hainbat gauzaren artean pertsona berriak ezagutzeko aukera izatea eta jendeari ikasitakoa erakusteko beldurra galtzea lortzen da.




Hala ere, bertsolaritza, beste era askotara ere landu daiteke, kazetaritzan adibidez. Guk kazetaritzarako programa zaioak prestatzen genituen, astero zaio bat egiten genuen eta horretarako, lehenengo eta behin programa nola bideratu pentsatu behar izaten genuen. Bakoitzari paper desberdinak banatuz, nor izango zen aurkezlea, nortzuk bertsolariak, nor gaia jartzen zuena, eta nortzuk ziren telefonoz deitzen zutenak;  programa zaio batean ikasle guztientzako lekua ez zegoenez, astero aldatzen genituen pertsonaiak.

Bertsolaritza beti ezagutu dugu aisialdirako ekintza bezala, hau da, ohituta gaude bertsoak entzuten soilik erakustaldietan, bertso-txapelketetan, afari edo herri bazkarietan, trikitixarekin lagunduta, jaialdietan …  Baina bertsolaritza baliagarria izan daiteke hezkuntzarako, hiztegi aberatsa beharrezkoa baita. Horrez gain, erritmoen nozioa ere eduki behar da, hau da, abesti desberdinen erritmoa kontrolatu beharra dago. Bat bateko bertsoen sorketa egiteko azkar pentsatu behar da, batez ere beste batekin lehian aritzean.
                Bertsolaritza ikasteko bertso eskolak daude. Hauetan bertsoak sortzeko beharrezkoak diren ezinbesteko arauak, hiztegia, erritmoa … irakasten da. Euskal Herriko bertso eskolak 1974-1983 urtean sortu ziren, dozena bat baino gehiago ziren, horien artean Mungiakoa.
                Bertsolaritzak hasiera batean euskara bultzatzea zuen helburu, eta badirudi nolabait lortzen ari dela, horren adibide da bertso-txapelketetan biltzen den jende mordoa. Euskal Herriko hizkuntza den euskara bultzatu beharra daukagu, plazaratu beharra, eta nola ez, erabili eta abestu beharra, Jokin Sorozabalek 1989ko txapelketako finalean botatako bertsoak dioen bezala:
Eskerrik asko bertsozaleok
goxoki eta apalki
nahiz ta txapela ta sari hauek
beti zerbait erabaki
bertsolaritzak denok nahi dugun
bidea badaramaki
hemen falta den Amurizak behin
esan zuen hain ederki:
“Herri bat ez da sekula hiltzen
kantatzen baldin badaki”.


viernes, 11 de noviembre de 2011

ados al zaudete?

Hona hemen, Beñi Agirrek, euskarazko irakaslea denak, irakasten duen hizkuntzari buruz idatzitako artikulua, bertan bere iritzia ematen du,zer den euskaldun izatea hain zuzen ere,  ados al zaudete berak aipatzen duenarekin? Berak defendatzen duenarekin? Uste al duzue euskalduna izatea euskaraz egitea dela?  
Eman zuen iritziak!!
Euskal Herria, euskararen herria da
Beñi Agirre

Berriro. Euskal Herria euskararen herria da, ez euskaldunen herria. Euskal Herria hitzak luralde kontzeptu bati egiten dio erreferentzia hasieratik. Lurralde horretako gizakiek sortu eta bertan garatu zuten euskara, etengabe berrituz gaur egungo euskaldunongana, euskaraz hitz egiten dugunongana, iritsi dena. Hemen, betidanik eta etenik gabe izan den hizkuntza, euskara da, baina, horrek ez du esan nahi lurralde honetan euskaraz soilik hitz egin denik beti. Gure herrian, zeltekin, zeltiarra; erromatarrekin, latina; godoekin, germaniar zaharra; arabiera; hebraiera; erromantzeak; gaztelania..., eta abar bizi izan eta bizi dira gurearekin batera.

Euskararen lurraldea Axularrek kokatu zuen zehaztasunez 1643an: “Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan.”. Beste anitz leku horiek zehaztu egiten ez baditu ere lehenago euskaraz mintzo eta nafar erresumaren parte izan ziren Aragoi, Biarno, Errioxa eta abarrei egingo dio erreferentzia seguraski Axularrek. Hortaz, Euskal Herriak eta Nafarroa osoak lurralde berbera hartzen dute, non jende bera bizi den eta nafar hiritar gisa subjektutasun politikoa duten. Euskal herritarra izatea eta nafarra izatea gauza bera da; euskalduna, aldiz, euskara+duna, euskaraz (nafarreraz) aritzen dena da soilik.

Gure hizkuntza euskara izenez ezagutu aurretik, berriz, “nafarrera” bezala ezagutzen zen. 1167an, gaztelarrek nafar mendebaldea inbaditu aurretik, “linguae navarrorum”, nafarron hizkuntza deitu zion latinez orduko gure Antso VI.ak. Hortaz, erresuma zabaldu izan zen lurretako nafarren berezko hizkuntza nafarrera zen, Garonatik Monkaio haranetaraino eta Kastro Urdialesetik Pallarseraino. Jakina da, garai hartan, Nafarroa hartan, erabiltzen ziren hizkuntzak bat baino gehiago zirela; besteak beste, arabiera, hebraiera, nafar erromantzea, oczitaniera edo oc hizkuntza... Jakina da, halaber, garai hartako herritarrak instituzio bakar baten eta legedi, piriniar zuzenbidea deitua, bakar baten pean bizi zirela denak; beraz, zilegi bekit honakoa esateko lizentzia: hizkuntzek bereizkeriarik egiten ez zuten herri bakar bateko subjektu politikoak ziren denak.

Gaur egun, berriz, Nafar lurraldearen mendebaldeko Eusko Jaurlaritzak “Kulturaren Euskal Kontseilua” sortu berri du, “Euskal kulturaren Kontseiluaren” ideiaren aurrez aurre jartzeko. Kulturaren (singularrean) Euskal (ez euskara, baizik eta euskal lurralde murriztu baten adierazgarri) Kontseilua. Kultura bakarrarena bada, singularrean, zein kulturaren ordezkari izateko jaio da? Euskal kulturarena ala espainolarena? Hasieran biak eta gero bakarrarena izateko agian? Zeinena?

Kontseilu horren egitekoa, aitzitik, garbiagoa dirudi: Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua garatzea (kulturen, pluralean). Erdi Aroan Nafarroa osoan gertatzen zen bezala gertatzen da gaurko Euskal Herrian, beraz, Nafar mendebaldean ere: euskal-nafar kulturan bizi diren  nafarrak ez ezik ukraniar, errumaniar, arabiar, hegoamerikar…, eta batez ere txinatar kulturan jaio eta bizi den anitz jende bizi gara hemen eta elkarrekin. Hortaz, non daude kultur aniztasun hori guztia ordezkatu behar dituzten partaideak Kulturaren nafar mendebaldeko Kontseiluan? Zergatik daude egiteko horretan soilik euskal kulturaren ordezkariak eta Komunitate Autonomoan erroldatutako kultura espainiarraren sortzaileak? Non daude gainerako kulturen berri zuzena eman dezaketen pertsonak?

Bai Kulturaren Euskal Kontseilua bai eta Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua gezur hutsak dira biak ala biak. Iruzurra. Ikuspegi inperial inbaditzailetik egindako asmakizunak dira. Azken hamarkadatan gurera etorritako emigrazioaren presentzia baztertu egiten dute espainolek eta kultura aniztasuna bi erreferentera mugatzen dute: espainiarrena eta euskaldunena. Gainera, maltzurkeriaz, bi horietakoek hirugarren batzuk bazter uzteko komuneko interesa dugula ikusarazi nahi digute. Diotenez, hori lortuz gero, bi kultura “nagusien” arteko mestizaia modu naturalenean emango litzateke eta bakoitzak egindako ekarpenez euskadiko identitate berria sortuko litzateke, mundukoa, eta ez parke tematiko bateko hizkuntza, kultura eta itxura kaxkarreko gizartea.

Maltzurra benetan planteamendua. Azpian dagoena da “parke monotematikoa” egiteko nahia, hizkuntza bakar banakoa, Iparraldean frantsesa eta Hegoaldean espainola. Horretan ari direnek, ordea, ez dute merezi beraientzat eskatu eta besteei
ukatzen dieten errespetua. Euskalduna euskaraz egiten duena da, euskal literatura euskaraz egindakoa eta euskal kultura euskaraz sortzen dena da. Ez dugu ezkutatuko, euskarak identitatea ere markatzen du; baina, inor ez da euskaldun jaiotzen, baizik eta hala izan nahi duena da euskalduna. Euskara ikasi eta erabili egiten da. Batzuk gurasoengandik jasotzen dute lehen hizkuntza gisa, besteek ikasi egiten dute, ikastolan, euskaltegian edota lagunartean. Txinera, arabiera, gaztelania edota frantsesa etorri aurretik hemen bada euskara, horregatik da hau Euskal Herria, euskararen herria.

Beñi Agirre
Euskara irakaslea.
 

domingo, 6 de noviembre de 2011

KORRIKA

KORRIKA, euskara bultzatzeko egiten den beste ekitaldi bat da.  Bi urterik behin egiten da eta Euskal herritik zehar, herritarren laguntzaz egiten den lasterketa martxa da, manifestazio baten modukoa. AEK-k antolatzen du, euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede duen erakundeak. 

 KORRIKA orain dela 30 urte hasi zen, euskara oinarri zuela,  euskal herriko errepideak, herriak, kaleak, jendez betez. Lehenengo lasterketak Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen eta jada, gaur egun, badira 17 korrika bete direnak.

            Korrika honetan, hasiera- hasieratik mezu sekretu bat idazten da, lekukoaren barruan  gordetzen dena eta lasterketaren amaiera-arte ezin dena irakurri. Horretarako, helmugan, ekitaldi bat egiten da, euskal musikarekin eta bertan aukeratutako pertsonai ospetsuek irakurtzen dute mezua.

       Lekukoaren barnean doan mezua eta pankartan idatzita dagoen leloa bezala, abestia ere urtero aldatzen da.urte bakoitzean euskal musikari talde batek egiten du, aurten esaterako gose taldeak sortu du, maitatu, ikasi, ari...euskalakari izenburuaz, hori izan baita aurtengo leloa.






KORRIKA TXIKIA:

Euskal Herriko herri bakoitzean korrika txikia antolatzen da, hau da, ume zein gaztei zuzendutakoa. Herriko eskola zein ikastetxeek hartzen dute parte ekitaldi honetan, herri osotik zehar korrika eginez. KORRIKA honetan umeak dira protagonista, beraiek prestatzen baitute soinean eramaten duten petoa. Bakoitzak nahi duen  kolorez egiten du, bere peto propioa sortuz, nahiz eta guztiek zentroaren zigilu propioa eraman. Ikastetxe bakoitzak bere pankarta prestatzen du, euskarari erreferentzia egiten dion lelo bat erdian duelarik. Horrez gain, lekukoaren hautaketa ere egin behar izaten da, normalean zozketaz erabakitzen da nor edo nortzuk izango diren kurtso bakoitza ordezkatuko dutenak. Gehienetan bi pertsona izaten dira berau eramaten dutenak, beti ere korrikaren buruan joanez, hau da, pankartaren aurrealdean joanez.






miércoles, 2 de noviembre de 2011

Jolasa eta euskera


Askotan entzun izan dugu jolasa umeentzat oso garrantzitsua eta ezinbestekoa dela, giza harremanak sortuko direlako, motrizitatea lantzen delako, HIZTEGIA aberasten delako, balore ezberdinak ikasten dituztelako,...  beraz zergatik ez erlazionatu gure hizkuntzarekin?
Ohituta gaude, betiko jolasak erabiltzera, erdarazko jolasak hain zuzen, baina badaude euskerazko hainbat eta hainbat jolas, oraindik ez ditugunak ezagutzen eta baliagarriak izan ditzakegunak.


ZOTZ EGITEKOAK

Dona-dona


Dona- dona katona
Sutondoan amona
Lepotik behera kutuna
Atera kanpora neska mutila

Harriola- marriola


Harriola- marriola
Orratza zorrotza,
Zizta gaitz, hari txarra
Tirabira,
Zirriz-zarran eta zazt


ABESTEKOAK


Domina abanti 
                                                                          Domina abanti
Dinuba aprego
Trikitixa, trikitrixa,
Tritikritxa, xa, xa, xa
Domina abanti,
Domina aprego
Hankak zabaldu
Trikitrixa, trikitrixa
Trikitrixa, xa, xa, xa

Domina abanti,
Domina aprego
Hankak okertu
Trikitrixa, trikitrixa
Trikitrixa, xa, xa, xa
Domina abanti,
Domina aprego
Burua gora,
Trikitrixa, trikitritrixa,
Trikitrixa, xa, xa,xa

MUGITZEKOAK


Sorbalda irakurtzen:


Taldekide bakoitzak pegatina bat edukiko du, eta pegatina bakoitzean pertsona bakoitzak hitz bat idatziko du, beste guztiak ikusi barik.
Ondoren taldea 2-ko taldeetan banatuko da. Joku honen helburua, kidearen sorbalden jartzen duena irakurtzen saiatzea da, baina batak bestea oztopatu behar du ahalik eta beranduen irakurtzeko.
Dirudiena baino zaila da, hain zuzen ere zure bikotekidea ezin duzulako ukitu.


Zapitxo kooperatiboa


Bi taldetan banatuko gara. Taldekide bakoitzari probintzia bakoitzaren izena emango diogu, bi taldeetan izen berdinak. Erdian zapiarekin dagoenak, bi, hiru edo nahi beste probintzien izenak esango ditu, orduan taldekideek bat gainean eramango dute. Gainean daramaten horrek zapitxoa hartuko du eta beraien aldera eramango dute, beste taldekoek harrapatu gabe.


Fruta mazedonia


Espazio zabal batean kide kopuruaren arabera uztailak jartzen dira, bat izan ezik. Irakasleak ume bakoitzari fruta baten izena esango dio: sagarra, marrubia, platanoa eta laranja.
Kide bakoitza uztai baten barruan kokatuko da, bat izan ezik. Hau espazioaren erdian geratuko da. Eta berak esango du: “ frutazko mazedonia nahi dut” eta nahi dituen frutak esango ditu. Aipatutako fruten taldekideak beste uztai batera mugitu beharko dira eta erdian dagoen pertsona ere uztai batera mugituko da.
Honela, beti kide bat kanpoan geratuko da. Honek berriko nahi duen fruta mazedonia esango du.
Nahi duenak koktail bat eskatu dezake, honela taldekide guztiak mugitu beharko dia.


SOKA SALTOAN HARITZEKOAK:
Hamabostarena


Hasieran banan- banan sartu eta atera egiten dira. “bat eta bi” esatean sartu egiten da bat eta bertan geratzen da, hurrengo hiruak berdin eta abestia bukatzean lauak batera irteten dira.

Jolastu gaitezen denok
Soka jokoan, soka jokoan
Hator euskaldun bai
Dagokigun eran, dagokigun eran euskara hutsean.
Bat eta bi, hiru, lau eta bost hamar gehiagorekin
Beti dira hamabost


Txoria goian kantari

Txoria goian kantari,
gu hementxe dantzari.
Zapia lurrera bota,
eta gora ekarri.
Bat, bi, hiru, lau,
bost,sei eta zazpi,
galtzen duena etorri


Sokara sartzen den pertsona, eskuan zapi bat eraman beharko du eta abestia jarraituz zapia lurrera bota eta gero jaso egin beharko du.


ESKUEKIN JOLASTEKOAK:


Banpiro bat naiz

Ban- pi-ro- bat- naiz
Banpiro bat naiz
Erdi zoro nago
Baraba
Goizetan ikasten dut
Hamabiak jotzen dutenean
Txotxolotu egiten naiz
Baraba
Uu aa uuu a
Baraba
Uu aa uuu a

Nire aita drakula da
Nire ama bere alaba
Anai bat ere
Badaukat
Baina xurgatzen
Onena naiz
Baraba
Uu aa uuu a
Baraba
Uu aa uuu a


Abestiak PARABA, UU-AA-UUU-A esaterakoan eskuen mugimendu hauek etengo ditugu, eta eskuak eta gerria alde batera eta bestera mugituko ditugu, azkeneko A esatean eskuak aurpegi parean jarri eta hatzamarrak aurrera begira ditugula banpiro aurpegia jarriko dugu.


Epo itai tai e
Epo itai tai e
Epo iitai tai epo
Ituki ituki epo
Ituki ituki e




EPO: bi eskuekin hanken gainean txalo eman
ITAI: txalo eman eskuekin burua ukitu
E: besoak bularrean gurutzatu
ITUKI: bi eskuekin


Aipatutako jolas hauek, adibide  batzuk baino ez dira izan, hauetaz gain,  euskarazko jolas anitz aurki ditzakegulako haurrentzat dibertigarriak izan daitezkeenak eta euskara hiztegia bultza ditzaketenak.