martes, 29 de noviembre de 2011

EUSKARA TXIKIEKIN BATERA HAZTEN DA

Denok izan gara ume. Denok izan dugu haurtzaro garaia. Denok izan dugu txikitan  pailazo desberdinen inguruan arratsaldea, edo kasu batzuetan egun osoa igarotzeko aukera.

                Pailazoak, aurpegia margoturik duten pertsonaiak dira, sudur gorri eta zapata handidunak, zelebreak, etxeko txikiengan irriak sortarazten dituztenak.  Mundu osoan zehar pailazo desberdin asko daude. Baina ez gara zertan mundura zabaldu behar, Euskal Herrian bertan ere pailazo asko daude. Horietako batzuk honako hauek dira: Txirri, Mirri eta Txiribiton; Hipo eta Tomax; Kiki, Koko eta Moko; Monda eta Lironda pailazoak; Pirritx eta Porrotx …

                Egun, guzti hauetatik ezagunenak, edo behintzat momentu honetan gehien ikusten, entzuten edo irakurtzen diren pailazoen istorioak Pirritx eta Porrotx-enak dira, nork ez du ezagutzen “maite zaitut” abestia? Nork ez du ezagutzen “katxiporreta” hitz famatua?, bai, beraiek dira, Pirritx eta Porrotx dira, irrien lagunak dira, Baina nola hasi ziren hauek?



                1.987 urteko Olentzero egunean izan zuten beraien lehenengo ekitaldia. Lasartearrak dira eta guztiak irakasleak. Euskararen inguruko mugimenduetan aritzen ziren eta Olentzeroa antolatzen zuten Lasarte-Orian euskara bultzatzeko. Urte batean pailazoz mozorrotzea eta gitarra batekin abestiak abestera irtetea erabaki zuten. Beranduagoa euskararen maratoia egin zen eta bertan bigarren ekitaldia egin zuten. Honela beste hainbat lekutatik deituak izan ziren eta ezagunak egin ziren.

                Pailazo hauen helburu eta asmoa euskara bultzatzea zen eta da. Euskara gure hizkuntza baita, Euskal Herrian bizi garenon hizkuntza. Horretarako abesti sinple eta erakargarriak egiten dituzte, baita antzezlanak ere. Hauek erabiltzen dituzten teknikak, irakasleontzako baliagarriak izan daitezke, haurrak motibatzeko daukaten modua egokia dela ukaezina baita, hauek izaten duten arreta ikusirik. Jolasen bitartez, abestien bitartez … baloreak, edukiak etab. transmititzeko era paregabea da.

                Ezin ezezta daiteke pailazo haiek ikaragarrizko lana egiten dutela, eta aldizkari batek dioen bezala “Helduen gorputzean haur bihotza edukitzen jarraitzen duten pailazoak” direla.

Euskal Etxeak

Euskal etxeak edo eusko etxeak, euskal diasporako, euskal herritarrak biltzeko zentroak dira, kultur helburuak dituztenak batez ere: euskara eta dantza ikastaroetatik mus txapelketetaraino, besteak beste.
                Euskal etxeak mundu osoan zehar daude, 150 inguru izango dira. Gehienak Argentinan daudelarik, 62 hain zuzen ere, bertako biztanleriaren %10a gutxi gorabehera euskal jatorrikoa delako. Buenos Aires aldean hedatzen dira gehien bat. 
                Amerikako Estatu Batuak dira euskal etxe gehien dauden herrialdeen zerrendan bigarren tokian dudenak 30 zentrotik gora daudelarik. Euskal etxe guzti hauek NABO (The North American Basque Organizations) erakundeak koordinatzen ditu 1973etik aurrera. Estatu Batuetan 2000. urtean euskal jatorria zuten 57.793 pertsona zeuden erroldatuta. Kalifornian 20.868, Idahon 6.637, Nevadan 6.096, Washingtonen 2.665 eta Oregonen 2.627, hala ere ziurrena da kantitate hauek handiagoak izatea.
            Estatu Espainiarrean esan beharra dago 10 euskal etxe daudela soilik, baina hala eta guztiz ere estatu Frantziarrean baino gehiago daude, azken honetan bi baino ez baitaude.
Euskal etxeez gain, beste hainbat erakunde eta elkarte daude munduan zehar euskal diasporan sar daitezkeenak, horien artean garrantzitsuenetariko bat Center for Basque Studies Renoko ikerketa gunea da.

hona hemen euskal etxeen zerrenda eta beraien helbideak:


euskaraz bizi proiektua


Aurreko sarreran EUSKARAZ BIZI PROIEKTUAZ hitz egin dugu, baina zertan datza proiektu hau? Zein helburu ditu?

Jose Luis Goroztidik jarri zuen martxan, euskararen erabilpena bultzatzea oinarri duela, hau da, eguneroko bizitzan, eskola eremuan zein era informalean  ere euskara erabiltzeko aukera izateko.

Proiektu honek, hainbat baliabide eta estrategia ezberdinak eskaintzen ditu hizkuntzaren erabilpena errazteko eta euskara modu dinamiko batean erabiltzeko, horrela ikasleek, euskara erabiltzen eta  gozatzen ikasten dutelarik.

Proiektu honek hainbat ekintza proposatzen ditu, Argitxorekiko identifikazioa, euskal kulturarekin lotura dituztenak (Olentzaro, Agate Deuna, euskal inauteriak), herri euskaldunetan egiten diren egonaldiak, Euskal Astea, gabonetako show-a, inauterietako jaialdia, ikasturte bukaerako jaia, Euskararen Nazioarteko Egunerako ekintza bereziak, euskara sustatzen dituzten ekitaldietan parte hartu eta unitate didaktikoak landu, etab.

domingo, 27 de noviembre de 2011

argitxo


             Ikastolen federazioko Euskaraz Bizi proiektuko protagonista dugu ARGITXO. Euskaraz mintzo eta abesten duen iratxoa da eta  horrekin batera umeak euskara erabiltzera bultzatzen ahalegintzen den pertsonai berezia dugu.

                Argitxok, abestiak berak dioen bezala, eskuan kriseilu bat dauka eta buruan txano bat, txano gorri bat. Praka berdeekin ibiltzen da  eta nola ez, aurpegian irri batekin.

                Iratxo hau haurren laguna da, eta azken hauei euskaraz mintzatzen entzun nahi die. Horregatik, goizetan ikastoletan egoten da eta baliteke batzuetan ikasleek ikusi ahal izatea, bizitan joaten baita noizean behin honako gutuna idatziz:

kaixo argitxozaleok:


Gure herriaren historian zehar jakitun asko, anitz saiatu da Euskara baserrietako sukaldeetatik ateratzen eta eguneroko bizitzaren esparru ezberdinetan indartzen. Euskara jalgi hadi kanpora zioen Bernat Etxeparek eta horixe da, hain zuzen ere, egitasmo berri honen helburuetako bat: Euskararen presentzia indartu esparru berri honetan, interneten.
Zoritxarrez, gure hizkuntzaren egoera ez da guk nahiko genuke bezain osasuntsua, munduko hizkuntza zaharrenetarikoaren alde eginiko ahalegin guztiak hutsaren parean utzi nahi baitituzte.
Guk, Jakintza Ikastolako partaide garen guztiok har dezagun konpromisoa, Aitorren hizkuntza zaharra, beste hizkuntza guztiak errespetatuz, ezagutzera emango dugula esanez eta eginez, antzinakoak harro senti daitezen. Eurengandik jasotako altxorra ez dezagun gal.
Zeregin horretan ni, Argitxo, beti alboan izango nauzue. Euskararen alde egindako ahalegin txikienarekin ere pozaren pozez aurkituko nauzue. Ea guztion artean Euskararen zuhaitz bakartia baso eder bat bihurtzen dugun.
Bukatzeko, abesti polit bat jarriko dizuet Euskararekin eta Euskaraz goza dezazuen.
Haurrak ikas zazue,
Eskuaraz mintzatzen,
ongi pilotan eta,
oneski dantzatzen.
(bis)
Aide ttun ttiki ttun
aide ttun aide….
Gure kantu zaharrak,
kontserba ditzagun,
aide politagorik,
ez da sortu nehun,
(bis)
Aide ttun ttiki ttun
aide ttun aide…..



sábado, 26 de noviembre de 2011

ikastolen jaiak!


                Euskal Herrian euskararen aldeko jaiak antolatzen dira. Jai horiek izen desberdinekin ezagutzen dira Euskal Herriko probintzia bakoitzean.

 
      Bizkaiko ikastolen jaia Ibilaldia da. Lehenengo ibilaldia Getxon egin zuten Uribe Kostako ikastolek  1978. urtean eta bi urte geroztik urtero egiten da. Aurtengoa  Ondarroan egin da, Zubi Zahar ikastolaren antolakuntzarekin. Datorren urtean berriz, Trapagaranen egingo da eta Itxaropena ikastolak zuzenduko du.

Gipuzkoako ikastolen jaia Kilometroak da. Jaialdi honi hasiera 1977. urtean eman zitzaion Beasain-Lazkaon eta ordutik hona urtero ospatzen den jaia da. Milaka euskaltzale biltzen dira urriko lehen igandean antolaketak prestatzen duen ibilbidea egin eta Gipuzkoako ikastolei laguntza emateko asmoarekin. Aurton interesatu guztiak Azpeitian bildu dira, klik leloperekin.

Arabako ikastolen jaia Araba Euskaraz da. Ikastolen Elkarteak urtero ekainaren erdialdean ospatzen du, urte bakoitzean ikastola batek antolatuz. Lehenengo jaialdia 1981. urtean izan zen Gasteizen. Jaiaren helburua Araba osoan euskararen erabilpena bultzatzea eta ikastolen azpiegiturak hobetzen laguntzeko dirua batzea da. Azken jaialdia berriz, aurten izan da Laudion hain zuzen ere, Izan zirelako gara, garelako izango dira lelopean



Nafarroako ikastolen jaia Nafarroa Oinez da. Urtero ospatzen den jaialdia da. Honen helburua euskararen alde egitea eta Nafarroan ikastola berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko dirua batzea da.  Jaialdi hau 1981eko ekainean ospatu zen lehenengo aldiz Alsasuan. Aurten Tafallan egin da Hamaika 11n lelopean.


Iparraldeko ikastolen jaia Herri Urrats da. Seaskak, Iparraldeko ikastolen federazioak antolatzen duen festa da eta maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dena. Beti egiten da toki berean, Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin, eta bertan biltzen den dirua Iparraldeko ikastolak laguntzeko bideratzen dute. Lehenengo jaialdia 1984an izan zen eta 2008an hogeita bosgarren urteurrena ospatu zuten.


jueves, 24 de noviembre de 2011

Gutunak idatzi beste eskoletako ikasleei


                Eskola garaian hainbat ekintza desberdin egiten dira euskara bultzatzen dituztenak. Horietariko bat, edo behintzat nik gogoratzen dudan bat gutunen trukea da.
               
Gogoan dut nik eskolan gure herritik hurbil zeuden ikastetxeetako ikasleekin gutunak idazten genituela. Bi zentroetako ikasleen zerrenda kontuan izanik, ikasle bakoitzak idazlagun bat izaten zuen. Gela bateko lehenak beste ikastetxeko zerrendako lehenari idazten zion gutuna, eta horrela zerrenda bukatu arte.

Gutun hauek normalean oporraldietatik itzultzean idazten genituen, eta modu horretan gure jaiegunen berri ematen genion elkarri. Oporretan nora joan garen, zer egin dugun, norekin ibili garen leku batetik bestera … Gogoan dut hainbat gauza aipatzen genizkiola batak besteari. Non bizi ginen, egunean zehar egiten genituen ekintza desberdinak … eta nola ez gure gauza gogokoenez mintzatzen ginen. Sekreturen bat ere aitortzen genion elkarri, baina horiek ezin dira esan, sekretuak baitira.

Ekintza honekin, euskara lantzeaz gain, hau da, hiztegia, ortografia eta gramatika lantzeaz gain, besteekin interakzioan aritzeko aukera izaten genuen, eta nola ez euskara erabiltzera bultzatzen gintuen. Guzti hau modu entretenigarri batean egiten genuen eta oraindik internetik ez zegoenez gutun horiek hurbiltasun handiagoa erakusten zuten. 

lunes, 21 de noviembre de 2011

EGA

EGA euskarazko gaitasun agiria ziurtagiri bat da, euskaraz aritzeko  (ahoz eta idatziz) trebetasuna  eta euskara batuak dituen ortografia eta arauak menperatzen dituen ziurtagiria hain zuzen.
Berau lortzeko hainbat azterketa ezberdin gainditu beharra dago, atariko froga, idatzizko froga eta ahozko froga. Ataletariko froga bat egiteko aurreko atala gainditu beharra dago, horrela izan ezean, berriz hasieratik hasi behar da, ez delako gainditutako parterik gordetzen.
Atariko froga test bat da, 85 galdera sorta dituenak. Bertan  gramatika, lexikoa, irakurketaren ulermena, morfosintaxia, datak, orduak, eragiketak, … biltzen dituena. 60 erantzun zuzen izan behar dira atala gainditzeko, baina %50k gainditu behar dutenez erantzun zuzen horien kopurua jaitsi edo igo daiteke.
          Idatzizko froga berriz, bi atal ezberdinetan zatitzen da, ulermena eta idatzizkoan.  Ulermenean Elkarrizketa testua, Lexikoa, Irakurmena (bi testu labur eta bat luzea) dira proposaturiko ariketak eta idazmenean ordea, Idazlan luzea eta laburra (bi gai aukeratzeko izanik) eta  Esaldiak berridatzi.
          Azken frogan ere, ahozkoan, bi zati ezberdin daude ulermenezko zatia eta
elkarrizketa. Lehenengoan, gai bat irakurri eta bera azaldu beharra dago, horretarako, berau prestatzeko, 20 minutu izanik. Elkarrizketa ordea, beste azterketari batekin dialogoa izatea da, bakoitzak, tokatzen zaion gaia defendatu behar duelarik.
Gaur egun, denon ahotan dagoen gai bat da, lege berriaren arabera, agiri hau lortzeko ez baitago zertan azterketa egin behar derrigorrez, aukera ematen baitute unibertsitateko karrera  bat euskaraz eginez gero azterketa ekidin eta titulua lortzeko. Baina guztiz zuzena al da aukera hau? Benetan ziurtaturik al dago, unibertsitateko karrera bat euskaraz eginez gero, trebatuta zaudela agiri hau izateko? Karrera amaitu ostean benetan menperatzen al dugu hizkuntza?

Eman zuen iritzia!!!